IRULEGIKO ARNOAK

Irulegi Jatorri Deitura Kontrolatuaren kudeaketaz, defentsaz eta garapenaz arduratzen den sindikatua da. Mahastizainen laguntzeko eta Irulegiko arnoak publiko zabalari ezagutarazteko bidea ematen du. 

Irouleguy_logo
Nor gira ?

Lutxiborda, 64220 DONAZAHARRE

07 71 76 18 41

Astelehenetik ostiralera : 9etatik 12'30etara eta 13'30etatik 17etara / hitzordua harturik

Pentsatzekoa da mahastizaintza erromatarren okupazioaren denboran sartu zela Euskal Herrian, hots, III. mendean. Gero, XVI. mendetik XIX. mendera, mahastiak azkarki garatu ziren.

Baina XX. mendean, filoxeraren krisiaren ondorioz, laborariek mahastiak bazter utzi zituzten, hazkuntzari edo bertze laborantza klase batzuei lotzeko. Bizkitartean, Euskal Herriko arnoen fama onak iraun zuen. Horren froga da arnoen defentsarako sindikatua 1945eko abenduaren 17an sortu zela, mahastien defendatzeko eta hobeki kudeatzeko, eta beraz ekoizleen onerako.

Orduz geroz, mahastia berpiztu da. 1970ean, Jatorri Deitura Kontrolatua erdietsi zuen, gero eta arrakasta gehiago ukan, eta, 2013an, Jatorri Deitura Gerizatua erdietsi zuen.

Gaur egun, Irulegi deiturak 15 herri hartzen ditu, 250 ha mahasti, 12 ekoizle independente eta soto kooperatibo bat (Jatorri Deitura Kontrolatuan diren 35 ekoizle biltzen dituena).

Irulegiko Arnoen Sindikatuaren helburu nagusia da Deituraren kudeatzea, instalazioen eta ekoizleen segimenduaren aldeetatik. Sindikatuaren lana ere da ekoizleek baldintza bilduma ontsa gauzatzen dutela segurtatzea. Gainera, Sindikatuak ekoizleei ahalbidetzen die segimendu teknikoaren ukaitea (BLE elkartearekin partaidetzan), laguntza administratiboen ukaitea, bai eta mahastizaintzari eta arnogintzari lotu gai guziei buruzko araubidearen inguruko argibideen ukaitea.

Bertzalde, sindikatua Deitura kudeatzen duen erakunde bat da; beraz, landatu eremuen garapenaren zaintzeko ere hor da. Helburua da eremu landatuen emendatzea, baina kalitatezko maneran, kontrolaturik, azken urte hauetan erdietsi kalitatearen eta teknikotasunaren atxikitzeko.

Azkenik, Irulegiko Arnoen Sindikatuaren helburua da deituraren eta egin arnoen balioa publiko zabalari ezagutaraztea: arnozaleei, profesionalei, publiko zabalari, etab… komunikazio ekintzak burutuz. Hemen, helburua da ekoitzi arnoen kalitatea eta ekoizleen jakitatea ezagutaraztea.

Lan eremuak

Deituraren, ekoizleen eta egiten diren arnoen kontrola eta kudeaketa

Sindikatuak segurtatzen du ekoizle guziek —instalatuko direnek ere— Deituraren baldintza-bilduma errespetatzen dutela. Barnetikako kontrolen aldetik, urtean behin egiten den kontrol batean eta ustekabean egin kontrol batzuetan oinarritzen da. Erakunde ziurtagiri-emaile batek kanpotikako kontrolak egiten ditu.
Gainera, batzorde organoleptikoak egiaztatzen du ekoitzi arnoak baldintza-bildumaren araberakoak direla. Formakuntza bat antolatzen da, nahitaez, urtean behin, dastatzaileei zuzendurik (ekoizleei, upeltegiko maisuei, ostalariei, zaleei) eta, banaz bertze, urtean bi batzorde. 

Ekoizleen eta instalatuko direnen laguntzea

BLErekin partaidetzan Sindikatuak ekoizleen segimendu teknikoa proposatzen du, mahastiaren garai begetatiboan (apiriletik agorril arte), bai eta kontseiluak, eritasunen kudeatzeko eta lurraren lantzeko. Ekoizleei edo/eta instalatuko direnei edo/eta langileei zuzendu formakuntzak ere proposatzen dira.
Batzorde bat plantan eman da mahastizaintzan instalatzeko proiektua dutenen laguntzeko, alderdi teknikoak eta araubidezkoak argituz.

Deiturari buruzko komunikazioa

Sindikatuak gertakariak antolatzen ditu (saloi profesionalak, ate irekiak, arno merkatuak), urte guzian, komunikazioaren sustatzeko, publikoak arnoak dastatu ahal izan ditzan eta ekoizleak ezagutu ahal izan ditzan, denak leku berean bilduz. Lurraldeko bertze eragileekin antolatu ekintza komunetan ere parte hartzen du, bereziki Euskal Herriko hiru sormarkekin.

Antolaketa
Bulegoa
  • Sébastien CLAUZEL lehendakaria, ekoizle independente 
  • Marianne HILLAU lehendakariordea, soto kooperatiboan parte hartzen duen mahastizaina
  • Olivier MARTIN lehendakariordea, soto kooperatiboan parte hartzen duen mahastizaina
  • Christophe MAZAUD diruzaina, soto kooperatiboaren zuzendaria

Adminiztrazio kontzeiluan 4 ekoizle independente eta 4 soto kooperatiboko kide :

  • Elorri RECA
  • Battitt YBARGARAY
  • Gexan COSTERA
  • Ximun BERGOUIGNAN
  • Jean-François GOROSTIAGUE
  • Xavier MARTIN
  • Iban RIOUSPEYROUS
  • Joan LAPEYRAD
Langilea
  • Anne BETBEDER animatzailea,

07 71 76 18 41  – syndicat@irouleguy.com

Kidetza

Irulegiko Deituraren eragile oro, nahitaez, Irulegiko Arnoen Sindikatuko kide da.

Sindikatuaren urteko bazkide saria ekoizle bakoitzaren eremuen eta ekoitzi kantitateen arabera kalkulatua da.

Bazkide sari hori hiru partetan zatitzen da: funtzionamendua, Defentsa eta Kudeaketa Erakundea eta sustapena. 

Xehetasun gehiago ...

Ekoizleen eta instalatuko direnen esku ezarriak diren baliabideak :

  • Baldintzen bilduma eta kontrol-plana, zeinak sindikatuari eskatu behar baitzaizkio.
  • Lurzoruen mapa, lur moten ezagutzeko; sindikatuari eskatu behar zaio, BLEren laguntza baten baldintzapean.
  • Irulegi Jatorri Deitura Gerizatuan sailkatuak diren lursailen zerrenda, sindikatuari eskatu beharrekoa edo ondoko loturan eskuragarri dena: https://www.geoportail.gouv.fr/donnees/inao-aoc-viticoles-parcellaire

crédits photos : Pierre Carton